shock absorber
Talka baten indarra, soinuaren intentsitatea, oszilazioa eta abar moteltzen duen gailua.
- eu motelgailu
- es amortiguador
- fr amortisseur
- 1. Autom./Teknol.
- Talka baten indarra, soinuaren intentsitatea, oszilazioa eta abar moteltzen duen gailua.
Motelgailua Edit
Egilea: Elhuyar
Talkak edo kolpeak jasan behar dituzten makinek eta tresna mekanikoek talken ondorioak murrizteko sistemak erabili ohi dituzte. Pieza elastikoak izaten dira, hala nola malgukiak, talkaren energiaren parte bat xurgatzeko. Ibilgailuetan, adibidez, gurpilen ardatzen eta ibilgailuaren bastidorearen artean malguki bat jarriz gero, gurpila harri baten gainean pasatzen denean karrozeria erabat altxatu beharrean, malgukia konprimitu egingo da. Harria pasatakoan, malgukiak hedatzera joko du, eta gorantz egingo dio bultza beherantz datorren karrozeriari. Hala, berriz ere konprimituko da malgukia, harriaren gainean pasatzean baino gutxixeago bada ere. Eta prozesua hainbat aldiz errepikatuko da pixkanaka desagertu arte. Beraz, malgukia besterik jartzen ez bada, ibilgailuaren karrozerian hainbat oszilazio gertatuko dira, eta gogaikarria izango da bidaiarientzat. Malgukiarekin batera motelgailu bat jarriz gero, oszilazioak murriztu egingo dira, malgukiaren atzera-aurrerako higidura azkar etengo baita.
Motelgailu hidraulikoa malgukien barnean ezartzen da, askotan, automobiletan. Olioz betetako zilindro bat da, eta haren barnean higi daitekeen pistoi bat du gurpil-ardatzarekin giltzatua. Gurpil-ardatzak bultzatuta, pistoiak olioari bultza egiten dionean, olioak zulo txiki-txiki batzuk besterik ez du zilindrotik ateratzeko. Hala, gurpilak bideko koska baten kontra jotzean sortzen den talka, malgukiak, konprimituz, eta olioak, zilindrotik ateraz, xurgatzen dute. Eta ondorengo oszilazioak moteldu eta berehala desagertzen dira, olioak pixkanaka baino ezin baititu zeharkatu zilindroaren zulotxoak.
Beste motelgailu-mota batzuetan gasa erabiltzen da olioaren ordez. Eta badira marruskadurazko motelgailuak ere: bi diskoren arteko marruskadura baliatzen dute oszilazioak murrizteko, baina gaur egun ia ez dira erabiltzen, azkar higatzen baitira.